ONGI ETORRI
Getxo Saskibaloi Taldeak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza herriko gazteriaren artean kirola bultzatzen, eta, aisialdirako nahiz dibertitzeko toki izanik, haren garapen integrala lortzen laguntzen.
Getxo bezalako herrietan gazte asko izan ohi dira eta taldean egiten diren kiroletan trebatzea eskaintzeko betebeharra dugu. Kirolaren bidez gazteei irakasten zaizkien balioak oso aberasgarriak dira lehiaketatik kanpo bizi izaten dituzten urteetan ere. Beraz, kirola oinarrizko balioa da gure gizarte osoarentzat.
Gaur egungo munduan, esportatzen dugun irudiak berebiziko garrantzia du aurrera egiten jarraitzeko. Hori dela eta, gure ahalegin eta uste osoarekin sustatu nahi ditugu bai Getxo gure herria, bai gure saskibaloi taldea, eta baita proiektuan parte hartu duten pertsonak ere. Gainera, hori guztia ongi eginiko lanak eskainitako emaitzez baliaturik egin nahi dugu. Gauzak ”ongi egiteak” bueltan dakarren jarioari esker, hazi eta hobetu egingo gara.
Talde hau da urte hauetan guztietan gure herrikideengana hurbiltzeko lantzen ari garen eremua. Eremu horretan, hain zuzen ere, beti tratatu ditugu berdin-berdin emakumeak eta gizonak, baita egungo gizartean horren garrantzitsua den gaia izan aurretik ere. Toki ezin hobea da bertan jaio ez diren pertsonak gizarteratzeko eta getxotar peto-peto sentiarazteko. Eta, zergatik ez dugu, bada, esango: talde hau dugu kirol arloan balentriak egingo dituztenen sorleku, hots, getxotar izateak harrotasunez beteko gaituztenen eremu.
Kirol talde izanik, eta lehiatzea gure zaletasuna denez, irabazteko egiten dugu lan beti.l Irabazi egiten dugu talde bat taldea baino gehiago denean, hau da, lagun talde bihurtzen denean eta herrian sarturik eta herriarentzat lanean ari denean. Irabazi egiten dugu gure bazkide eta lagunak taldearen baitan garrantzitsuak direla sentitzen dutenean. Irabazi egiten dugu inguruko enpresek eta lagunek ekonomikoki laguntzeko ahalegina egiteari garrantzitsu irizten diotenean. Eta, noski, jokalekuan ere irabazten saiatzen gara, gizalegez, emaitza onarekin gauzatzen baita eginiko lana, ahalegina, koordinazioa eta irakatsi nahi dugun izpiritua. Emaitzak onak direnean ikasten jarraitzen dugu eta txarrak direnean gehiago ikasten saiatzen gara.
Horregatik guztiagatik, zuzentzen dudan batzordearen izenean, eskerrak eman nahi dizkizut, zuri, webgune hau bisitatzeagatik. Gehiagotan ere bisita dezazun eskatu nahi nizuke, hazten lagun gaitzazun, eta, ahal duzun eta nahi duzun neurrian, gurekin lan honetan parte har dezazun. Urtez urte hazten ari den proiektu honen zati garrantzitsua zara zeu ere: zurekin bakarrik eta guztion artean ibilbideari ekin eta oinez hasiko gara.
Besarkada bat
Prisco Fernández
Getxo Saskibaloi Taldeko zuzendaria















